lunes, 19 de septiembre de 2011

Athleticen joku berria

Bielsaren etorrerarekin Bilboko futbol talde historikoak estilo berria estreinatu du. 2011- 2012 denboraldian zurigorriek gauza handiak egin nahi dituzte eta hori lortzeko entrenatzaile argentinarraren proposamena “futbol ona” da. Kirol masibo honen giroan partiduaren kontrola eta baloiaren erabilera dotorea duen jokuari ematen zaio adjektibo hori. San Mamesek aspalditik irrikatzen zuen estiloa. Nahiz eta Caparrosek emaitza onak lortu, futbola ulertzeko zeukan era Bilboko zale gehienei ez zitzaien batere gustatzen: defentsaren goraipamena, baloi luzeak aurrelari erreferenteari, konformismo gehiegi…
Marcelo Bielsarekin antzinako futbolaren erromantizismoaren usaina dator. Bere asmoa tokea ezartzea da, erasoari garrantzia eman. Horretarako 4-3-3 sistema erabiliko du, F.C Bartzelona modan jarritakoa azken urteotan. Jokalariek ezaugarri onak dituzte eskema horretara moldatzeko.
Defentsan, San José batez ere klabea izan daiteke baloia atzetik ateratzeko eta erdilariekin konbinazioak hasteko. Bere alboan, Amorebietak edo Ekizak kokapen eta konfiantza eskaintzen dute, eta defentsa hegaletan Iraola eta Aurtenetxe ibiliko dira. De Marcosen erabilera posizio honetan eztabaidagarriagoa da.
  Zelai erdian kalitatea eta lan gogorra konbinatzen dira. Bielsaren iritziz, Javi Martinez erdilari defentsiboa da, eta bere indarrarekin defentsa lanetan lagungarria izango da. Ander Herreraren teknika ona taldearen estilo berriaren giltza izan daiteke, pasadan urtean mota horretako jokalaririk ez zegoelako. Hegaletako jokalariek, Daviz Lopez adibidez, zelai erdiko zeregin gehiago edukiko dute, eskemak horrela eskatzen duelako.
Azkenik, goian Llorente ibiliko da Munain eta Gabilondo bezalako jokalariekin batera, hegaletan 1 vs 1 egoerak sortzeko eta errioxarraren kapazitate goleatzailea aprobetxatzeko.
Denboraldi berria, joku berria. Athleticen erronkak (Europa barne) lortzeko “futbol ona” egiteko asmoa iritsi da Bilbora. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario