domingo, 18 de septiembre de 2011

Pedro Aurtenetxe: Athletic-eko presidente ohia

Pedro Aurtenetxe: “Futbola asko merkantilizatu da ”
Urrun gelditzen dira behin irabazitako tituluak, partiduak eta arrakasta garaiak. Hala ere, oraindik ere, begietan distira berezia pizten zaio 90. urtean Athletic-eko presidentea izateari utzi zionari. Denborak aurrera egin du eta geroztik aldaketa handiak gertatu dira bai Athletic-en, bai futbolean eta bai bere bizitzan. Gaur egun, Pedro Aurtenetxe, publizitate munduan barneraturik dago, baina, horrek ez du ekarri futbolarekiko sentitzen duen zaletasuna desagertzea. 

Urte asko igaro dira Athletic-eko presidentea izan zinenetik. Zer uste duzu aldatu dela txuri-gorrien taldean?
Asko aldatu dena futbola bera da. Futbola asko merkantilizatu da, eta horren ondorioz, desberdintasun handia sortu da talde aberats eta pobreen artean. Bestalde, nire garaian baino kanpotar askoz gehiago daude futbol munduan, eta honek talde nazionalen kontra egiten du nolabait.
Gaur egungo Athletic-a, bere garaian hainbeste titulu eta garaipen lortu zituen Athletic harekin alderatzen badugu, ahuldu egin dela dirudi. Bere indarra galdu al du?
Indarra berdina da, gertatzen dena garai hobeagoak eta txarragoak daudela. Gainera, gaur egun, talde oso lehiakorrak daude indar ikusgarri hori ez daukatenak. Athletic-ak beti izan du jokatzeko modu oso beroa, izan ere, daukan publikoarekin ez dauka jokatzeko beste modurik, horrela jolasteko eskatzen zaiolako.
Bere garaian polemika handia sortu zuen Athletic-en kamisetetan publizitatea jartzeak. Ados al zaude egin zenarekin?
Uste dut inor ez zela publizitatea jartzearen aldekoa izan, baina, juntak bere garaian publizitatea jartzea erabaki bazuen, bere arrazoiak, gehienbat ekonomikoak, izan zituelako izango zen. Ulertzen dut edo ulertu nahi dut konpentsazio ekonomikoak erabakia bultzatu zuela. Hala ere, hartu zen erabakia ez zitzaidan gehiegi gustatu.
San Mamen berria 2014 urterako prest egongo dela esaten da. Proiektu on bat iruditzen al zaizu?
Proiektu hau Athletic-arentzat oso ona izango da. Zorte ona izan dugu zelai berria, zaharra zegoen leku berean kokatuko delako. Beste leku batean eraiki izan balitz, orduan ez nintzateke hain pozik egongo.

Aukera izango bazenu berriro ere Athletic-eko presidente izateko, izango zinateke?
Ez, ez da errepikatu behar egindakoa. Gainera bakoitzak ulertzen du noiz bete duen etapa bat eta nik esan dezaket nire Athletic-eko etapa hori bete dudala. Dedikazio oso zoriontsua eta ohoragarria izan da eta gaienera klubaren etapa goresgarria izan dela uste dut, beraz ezin dut gehiago eskatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario